Larunbat arratsaldean, 15:30etatik
aurrera 1. mailako zein promozio mailako finalerdiak izango ditugu
ikusgai. Partida hauen emaitzetatik igandeko finalak erabakita
geratuko dira.
Lehenengo
finalerdia 1. mailako bat izango da. Bertan Su-Berritik geratzen den
ordezkari bakarrak parte hartuko du. Naty Evaristti, iparraldeko
Maritxu Houssetekin batera aritu da. Maritxu gaur egun munduan dagoen
pilotaririk onenetakoa da. Oso joko maila ona dauka, oso segurua da
eta bera jokoan ikustea ikusgarria da. Gainera, iaz Iruñan
jokaturiko munduko kopako txapelduna da. Hauen aurka Sylvie Halsouet
eta Claire Bordagaray iparraldeko jokalariak izango dituzte. Sylvie,
aurrelari azkarra da eta teknika handikoa. Eskumutur fina du eta
jokaldi ederrak egiteko gai da. Atzean berriz Claire izango du.
Pilotari hau oso indartsua eta bere erresebesa oso elegantea da.
Dudarik
gabe, lehia handiko partida izango da eta ziur espektakulu polita
erakutsiko dute.
Ondoren, promozio mailako bi finalerdiak
jokatuko dira. Lehenengoan, Maider Huizi hernaniarrak eta Bea Andueza
nafarrak lan handiak izango dituzte iparraldeko bikote gaztea
menderatzeko. Iparraldeko Joana Urruty eta Mirentxu Irigaray,
aurtengo urriaren 13tik 19ra Uruguayen jokatuko den 22 urtez azpiko
trinketeko munduko txapelketan Frantziako selekzioa osatzeko
aurre-selekzionatuta daude. Pilotari hauek gazteak dira baina
trinketean oso txukun jokatzen dute eta pasa den larunbatean oso
itxura ona eman zuten. Beraz, partida gogorra aurreikusten da. Maider
Huizi hernaniarra oso pilotari gaztea da eta trinketean jokatzen pare
bat urte besterik ez daramatza. Ezkerra da eta teknikoki oso polita.
Atzean berriz Bea Andueza izango du. Pilotari honek urte askotan
tenisean jokatu zuen eta beraz ondo moldatzen da trinketean.
Jarraian, Amaia Irazustabarrena hernaniarra eta Rebeka Contin
nafarra, Yanira Aristorena nafarra eta Ariane Arrieta hernaniarraren
aurka arituko dira. Lau pilotari hauetako hiru ere 22 urtez azpiko
munduko txapelketarako aurre-selekzionatuak daude. Bi aurrelariak
azkarrak dira eta kolpe azkarrak egiten dituzte. Atzelariek berriz,
gazteak diren arren, joko maila polita daukate eta nor baino nor
ibiliko dira. Teknikoki oso onak ez diren arren, trinketera oso ondo
moldatu dira eta beraien estilo propioa duten arren, defentsan zein
erasoan oso ondo moldatzen dira. Beraz, partida hau ere oso parekatua
egongo da eta akats gutxien egiten dituen bikoteak lortuko du
finalerako txartela.
Azkenik, 1. mailako bigarren finalerdia
jokatuko da. Bertan, Amaia Etchelecu egungo munduko txapeldunak eta
Maria Saez txapelketan ezustekoa eman duen gasteiztarrak, aurrean
Stephanie Leiza (munduko txapelduna baita ere) eta Aurore Caset
iparraldeko pilotariak izango dituzte. Amaia eta Mariak bigarren
partidan lortu zuten finalerdietarako sailkapena eta Stephanie eta
Aurorek lehenengo partidan. Aurrean trinketea ondo dominatzen duten
bi pilotari beterano izango ditugu eta atzean berriz Aurore pilotari
esplosiboa eta oso segurua den Maria. Norgehiagoka hau ere oso
orekatua izatea aurreikusten da.
Argi
dago orduan lau partida oso interesgarri egongo direla larunbat
arratsaldean.
Finalak berriz, igandean (ekainak 30)
izango dira, goizeko 11:30ean hasita. Bi finalen artean, Lur-Lan
baserriko produktuez osaturiko saski
ederra zozketatuko da.
Goi
mailako partida ikusgarriak aurreikusten dira eta bertaratzeko asmoa
dutenek Euskal Herriko neska pilotari onenen jokoaz gozatzeko aukera
izango dute.
FINALERDIAK, 15:30ean | ||||
15:30 | 1. mailako F partida | |||
EVARISTTI-HOUSSET | 15 | 11 | 10 | |
HALSOUET-BORDAGARAY | 11 | 15 | 4 | |
16:30 | 2. mailako F partida | |||
HUIZI-ANDUEZA | 15 | 15 | ||
URRUTY-IRIGARAY | 9 | 10 | ||
17:30 | 2. mailako G partida | |||
IRAZUSTABARRENA-CONTIN | 15 | 15 | ||
ARISTORENA-ARRIETA | 11 | 9 | ||
18:30 | 1. mailako G partida | |||
LEIZA-CASET | 14 | 14 | ||
ETCHELECU-SAEZ | 15 | 15 |