Mostrando entradas con la etiqueta EmP_eguna. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta EmP_eguna. Mostrar todas las entradas

29 marzo 2025

Emakume Pilotarien Jardunaldia

Martxoak 27tik hasita, ekintzez beteriko hiru egun ospatu dituzte, Zestoan eta Azpeitian, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren 100. urteurrenean: erakusketa, raketisten inguruko proiekzioa, topaketak, bazkaria, hainbat espezialitateko goi mailako jaialdia, omenaldia...


Gipuzkoako Federazioko web orritik jasotakoa:

Gaurtik hasita, ekintzez beteriko hiru egun ospatuko dituzte, Zestoan eta Azpeitian, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren 100. urteurrenean: erakusketa, raketisten inguruko proiekzioa, topaketak, bazkaria, hainbat espezialitateko goi mailako jaialdia, omenaldia...

2025eko abuztuan Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) 100 urte beteko ditu, eta hori ospatzeko hainbat ekintza antolatuko ditu urtean zehar. Gipuzkoako Emakume Pilotarien Jardunaldia da, hain justu, horietako bat: gaurtik larunbata bitarte izango da (martxoak 27, 28 eta 29), Zestoan eta Azpeitian. 

Jardunaldi horren xehetasun guztiak prentsaurrean aurkeztu dituzte gaur, Zestoan, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidente Itziar Lete Andonegik, Zestoako alkate Mikel Arregi Urrutiak, Azpeitiko alkate Nagore Alkorta Elorzak eta Gloria Agirre 'Aizarnako Txikita' raketista profesional ohiak.

Jardunaldian parte hartuko dutenei, "eta, bereziki, Zestoako eta Azpeitiko Udalei" eskerrak emanez hasi du agerraldia Letek: "Zuen prestutasun eta laguntzarik gabe, benetan, hau ez zela posible izango".

Azpeitiko alkateak federazioa zoriondu du bere mendeurrenagatik eta horrelako jardunaldia antolatzeagatik, "emakumeak protagonista" izango dituena. "Oso garrantzitsua da ikusgarritasuna ematea emakume pilotariei eta pilota munduan lanean ari direnei, eta baita erreferenteak izatea ere. Eta hemen bi ditugu", adierazi du, 'Aizarnako Txikita'-ri eta Leteri aitortza eginez. Jendea ekitaldietara animatuz bukatu du bere tartea.

"Askotan pentsatzen dugu emakumeak pilotan duela gutxi hasi direla. Adibidez, raketisten inguruan inoiz zerbait entzun bai, baina jakin ezer gutxi. Gizonezkoak bazinate, ederki jakingo genuen", azaldu du, bere aldetik, Zestoako alkateak. "Injustizia hori" azpimarratzeaz gain, herrian horrelako ekitaldiak izatea "ohore handia" dela adierazi du.

'Aizarnako Txikita' oso pozik agertu da: "Izugarrizko ohorea da zuekin hemen egotea eta errekonozimendu hau jasotzea. Gurekin gogoratzen direla ikustea oso pozgarria da. 'Zerbait egin genuen', pentsatzen duzu. Asko kostatu zitzaigun, batez ere hasieran. Baina pilotak asko eman zidan". Bere ibilbideari errepasotxo bat eginez, mutil pilotari batek hari esandako "gauzarik polittena" oroitu du: "Tú eras una estrella. Tú hacías ballet con la pelota" (Zu izar bat zinen. Zuk balleta egiten zenuen pilotarekin). "Bazeuden asko ezin gintuztenak hor ikusi, gu sukaldera eta etxera. Baina beste askogandik baloratuta sentitu gara". Gaur egungo neskek dituzten aukera eta baliabideengatik pozik mintzatu da Agirre: "Aurrera doazela ikustea oso pozgarria da".

Gaur bertan hasiko da Emakume Pilotarien Jardunaldia, emakumeen euskal pilotak Gipuzkoan izan duen bilakaerari buruzko erakusketa batekin; ostegunetik larunbatera izango da ikusgai, Zestoako Udal pilotalekuan.

Horrez gain, ostiralean, Jon Juanes Iragorrik zuzendutako 'Raketistak lehen eta orain' dokumentala ikusteko aukera izango da, Zestoako Kultur Etxean. Goizean herriko ikastetxeko ikasleek izango dute emanaldia. Eta arratsaldean, berriz, nahi duen orok izango du dokumentala ikusteko aukera, eta sarrera doan izango da. 'Aizarnako Txikita' ere bertan izango da.

Larunbata ere ekintzez beterik dator. Goizean, Azpeitian, neska pilotarien eskuzko eta paletako topaketa izango da, Izarraitz frontoian, eta ondoren bazkaria izango dute Berdura plazan, Elikagunearen eskutik. Eta arratsaldean, Zestoan, goi mailako pilota jaialdiaz gozatzeko aukera izango da, Udal kiroldegiko pilotalekuan. Bertan, gainera, “Aizarnako Txikita' eta Gipuzkoako emakumeen pilotan esanguratsuak izan diren beste hainbat emakume omenduko ditugu.

Hauexek dira, hain zuzen ere, egitarauaren xehetasunak:



05 junio 2017

Emakume pilotari egunean Hernaniarrak txapeldunak


  Amaia Alkorta eta Marta Murua txapela ta urdaiazpikoarekin itzuli ziran etxera.

Larunbatean (2017-06-03) ospatu zan  2017ko Emakumea Pilotari Eguna, Iruran. Festa berezi honen 11. edizioa izan da aurtengoa. Bertan elkartu ziran Gipuzkoako zenbait herritan aurten ere eskaini diren aisialdiko paleta ikastaroetan aritutako emakumeak. Emakumea Pilotari proiektuaren baitan eskaintzen ditu ikastaro hauek Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, 18 urtetik gorako emakumeentzat.


Honako egitaraua bete zuten:

- 10:00: XI. Emakumea Pilotari Egunaren hasiera, Emakumezkoen X. Gipuzkoako Txapelketa Herrikoiaren lehen fasearekin
- 11:45: Paleta saioak eta jolasak
- 12:50: Hamaiketakoa
- 13:10: Emakumezkoen X. Gipuzkoako Txapelketa Herrikoiaren bigarren fasea: finalerdiak eta finala
- 14:00: Oroigarri eta sari banaketa eta talde argazkia
- 15:00: Bazkaria

29 mayo 2016

10. Emakumea Pilotari Eguna Iruran

 Larunbatean, maiatzaren 28an goizetik hasita egun osoko festa giroan pasa zuten Gipuzkoako emakume pilotariak; hain zuzen ere, Zizurkil, Oiartzun, Donostia, Azkoitia, Andoain, Tolosa, Azpeiti eta Hernanin aritzen diren partaidetzako  ( edo aisialdiko) emakume palistak.
Hernaniko bikotea finalerdietaraino iritsi zan baina Zizurkildarren aurkako partidua galdu egin zuten. Zizurkilgo bikotea izan zan txapelketako Txapeldunak.

26 mayo 2016

Emakumea Pilotari eguna Iruran

Emakumea Pilotari Eguna 2016
Larunbatean ospatuko da 2016ko Emakumea Pilotari Eguna, Irurako Ametsa frontoian. 10 urte beteko ditu aurten topaketa berezi honek. Bertan elkartuko dira Gipuzkoako zenbait herritako aisialdiko paleta ikastaroetan aritutako emakumeak. Emakumea Pilotari proiektuaren baitan eskaintzen ditu ikastaro hauek Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, 18 urtetik gorako emakumeentzat.
Hona hemen eguneko egitaraua:
 - 10:00: X. Emakumea Pilotari Egunaren hasiera, Emakumezkoen IX. Gipuzkoako Txapelketa Herrikoiaren lehen fasearekin
- 11:45: Paleta saioak eta jolasak
- 12:50: Hamaiketakoa
- 13:10: Emakumezkoen IX. Gipuzkoako Txapelketa Herrikoiaren bigarren fasea: finalerdiak eta finala
- 14:00: Oroigarri eta sari banaketa eta talde argazkia
- 15:00: Bazkaria

10 junio 2014

Emakumea Pilotari eguna Iruran

Aurreko larunbatean, Ekainaren 7an Emakumea Pilotari Eguna ospatu zen Irurako frontoian. Bertan herri desberdinetan palaz aritzen diren emakumeak elkartu ziren, topaketa egun bat izan zen. Hernani, Tolosa,Zizurkil, Oiartzun, Donostia, Lasarte-Oria, Larraul eta Azkoitiko emakumeak elkartu ziren eta besteak beste herrien arteko txapelketa jokatu zuten herri bakoitzeko bikote banak. Hernaniko taldetik Marta Murua eta Idoia Tejedor joan ziren ordezkari gisa, ligaxka jokatuta finalera iritsi ziren, Tolosan aurka jokatu zuten finala eta irabazi egin zuten. Ondoren bazkarian girotu ziren.

09 junio 2013

Partaidetzako emakume hernaniarrak Txapeldunak VII. EmP egunean


Pasa den larunbatean ospatu zen Iruran, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolaturiko VII. Emakumea Pilotari eguna. Aurtengo edizioa ere aurrekoak bezala arrakastatsua izan da, hainbat berrikuntza egon zirelarik. Guztira gainera ia 80 pertsona bildu ziren.
Ekintza nagusia, Emakumezkoen Gipuzkoako VI. Txapelketa Herrikoia izan zen. Bertan Gipuzkoako 9 herrietako errepresentazioa egon zen: Azkoitia, Deba, Donostia, Hernani, Oiartzun, Soraluze, Tolosa, Usurbil eta Zizurkil. Goizeko 10:00etan hasita ligaxkako partidak jokatu ziren bi zelaitan banaturik. 9 taldeak bi multzotan banaturik, ligaxkako partidak jokatu zituzten, multzo bakoitzeko lehenengo bi sailkatuak finalerdietarako txartela lortu zutelarik. Partidak denbora batera jokatu ziren, hau da 8 minututan tanto gehien egiten zituen bikoteak irabazten zuen partida. Honela A multzotik Hernani eta Deba sailkatu ziren urrenez urren eta B multzotik Soraluze eta Oiartzun. Finalerdietan Hernanik ozta-ozta irabazi zion Oiartzuni tanto batengatik. Soraluzek berriz aise hartu zuen mendean Deba.
Finalaren aurretik, Gipuzkoakoa Euskal Pilota Federazioak omenalditxo bat eskaini nahi izan zien XX. mendean profesional izandako emakume raketistei. Hara eta hona kontaktuak bilatzen ibili ondoren, azkenean Gloria Agirre "Aizarnako Txikita" raketista presente izan zen. Berarekin batera Maria Antonia Uzkudun "Anoetako Txikita"-ren hilobak, Maite eta Juan Manuel (duela urte batzuk hil zen Maria Antonia), Anoetako Julita, Mari eta Milagros Beraza ahizpen hiloba Miren (hauetako bi egun bizi dira baina Mexikon) eta Oiartzungo Coro Iragorri zenaren Jon Juanes semea egon ziren omenalditxoan. Eladia Altuna "Irura"-ren senitartekorik egotea ez zen lortu Madriden bizi direlako. Hauetaz gain beste hainbat raketistekin kontaktua egitea lortu zen arren, arrazoi ezberdinengatik ezin izan zuten Irurako pilotalekura gerturatzerik izan. Emakumea Pilotari proiektuko koordinatzailea den Maider Mendizabalek, bertaratutako guztiei raketista hauen inguruko aipamena egin zien eta argi utzi nahi izan zuen, omenalditxo hura Euskal Herriko emakume raketista profesional guztiei eskainia zegoela, nahiz eta gehienekin kontaktatzea ez zuten lortu. Hala ere, pilotari hauek bere garaian izandako ospea, glamourra, nazioarteko ibilbidea eta garaiko gizartean betetako tokia izugarria izan zela argi utzi nahi izan zuen. Maiderrek esandakoaren arabera: "pena handia da gaur egun raketista hauen berririk ere ez izatea. Kontuan hartu 1920. urtetik 70. hamarkada bitarte emakume pilotari hauek frontoi askotan aritu zirela raketista profesional bezala, euren herrietatik 13-15 urterekin Madrilera joan zirelarik gehienak. Nire ustez, emakume guzti hauek merezi dute gaur egun pilotariak garen emakumeen aldetik gutxienez, nolabaiteko miresmena. Bejondeizuela". Gonbidatu bakoitzari oroigarri bana banatu ondoren, Gloriak hitz batzuk esan nahi izan zituen: "eskerrak eman nahi dizkizuet guri horrelako errekonozimentua egiteagatik. Poz handia ematen dit gaur Irurako frontoian horrenbeste neska eta emakume pilotan jokatzen ikusteak. Jarraitu ezazue hain gurea den pilotan jokatzen, oso kirol polita da eta".


Omendutakoak

 Ainara Muga-Amaia Ariznabarreta(SORALUZE)- Marta Murua-Idoia Tejedor(HERNANI)

Omenalditxo honetaz gain, bildutako argazkiak eta albisteak denon erakusgai jarri ziren, baita bideo muntaia txiki bat ere.
Une berezi zein hunkigarri honen ondoren, txapelketa herrikoiko finala jokatu zen Hernani eta Soraluzeko bikoteen artean. Partidak 10 minutuko iraupena izan zuen eta tanto piloteatuen ondoren, Idoia Tejedor eta Marta Muruak osaturiko Hernaniko bikoteak berriz ere ozta-ozta partida irabaztea lortu zuen, Gipuzkoako txapeldun titulua lortuz. Aipatu Soraluzeko bikoteak, Ainara Muga eta Amaia Ariznabarretak lehenengo aldiz parte hartzen zutela txapelketa honetan eta maila ona erakutsi zuten arren, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Azkenik aipatu, eskola adineko 23 neska bildu zirela guztira eta hauek ere elkarren arteko partida azkarrak jokatu zituztela, erakusketa moduan. Oso gustura aritu ziren neskak eta argi utzi zuten pixkanaka badatozela neska pilotari gazteak ere. Federatuek ere egin zuten erakustaldi partida txiki bat, baina bertan egungo zorigaitzeko gertakaria gertatu zen. Maider Mendizabalek, aurrelari moduan jokatzen ari zela, partida hasi eta berehala zuntz haustura izan zuen eskuineko bikian eta bere ordez Patri Espinar teknikariak jokatu behar izan zuen. Hala ere, partida polita jokatu zuten eta tanto ederrak ikusteko aukera izateaz gain, federatuek daukaten joko maila zein den erakusteko parada izan zuten.

Goizeko ekintzak sari banaketa eta talde argazkiarekin amaitu ziren. Ondoren frontoian bertan bazkaria izan zen. Amaitzeko, arratsaldean, teknikarien arteko bertso-pilota partida jokatu zen. Patri Espinar eta Eneritz Perezek Amaia Agirre izan zuten botilero lanetan eta Ainhoa Garmendia eta Garazi Jauregik (honek Maiderren ordez jokatu behar izan zuen) Uxue Fernandez Lasa. Aipatu bi bertsolari hauek pilotan aritutakoak direla. 18 tantora jokatu zen partida entretenigarria eta dibertigarria izan zen eta Amaia eta Uxuek ederki asko botatako bertsoekin une gozoa bizi izan zen.

Honenbestez, aurtengo Emakumea Pilotari egunari amaiera emateko Erlantz Allurren eskutik musika egon zen eta neska zein emakumeak dantzan batzuk eta pilotan besteak jo eta ke aritu ziren.
Eskerrak eman nahi dizkiogu Irurako udalari eskainitako laguntzagatik

Sari emaileak, A.Garmendia,Etxebe, "Txikita de Aizarna" eta Patri Espinar.
Bertaratutako hernaniarrak.
Pilotariak


06 junio 2013

Emakumea Pilotari eguna

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak ekainaren 8an Irurako udal pilotalekuan antolatuko du VII. EMAKUMEA PILOTARI EGUNA.
Emakumea Pilotari eguna 2007ko ekainean ospatu zan lehenengo aldiz Iruran, partaidetzako kirolean zebiltzan 20 emakumerekin. Festa polita atera zan eta orduz geroztik emakume partaide kopuru askoz ere handiagorekin (2010ean ia 90 emakume bildu ziran) urtero ospatu izan da egun hau. Aurtengoan berriz, egun berezi hau pilota munduan dabiltzan pertsona gehiagori zabalduko da. Hau da,   paleta eskoletan dabiltzan neskak eta baita pilotari federatuak ere parte hartzeko aukera izango dute.
Emakumea Pilotari eguneko egitaraua oraindik zehaztu gabe egon arren, honakoa izango da gutxi gora behera:
  • 10:00-11:30 = Txapelketa herrikoieko ligaxka
  • 11:35-12:35 = Eskolarrak (partida ezberdinak zelai txikietan, kategoriaka)
  • 12:40-13:10 = Federatuen partidak (30' denera) eta hamaiketakoa denontzat
  • 13:15-13:40 = Txapelketa herrikoieko finalerdiak.
  • 13:45-14:00 = Omenaldi sorpresa.
  • 14:05-14:15 = Txapelketa herrikoieko finala.
  • 14:20 = Sari banaketa.
  • 14:45 = Bazkaria frontoian bertan.
  • Bazkalondoren, teknikarien arteko bertso-pilota partida.
  • Festa 19:30ak arte.


27 mayo 2013

Partaidetzako EmP txapelketa herrikoia

Ekainak 8an emakume pilotari eguna dalata, Gipuzkoako hainbat herrietan partaidetzako emakumeak txapelketa jokatzen ari dira. Herri bakoitzeko txapeldunak egun horretan  Irurako pilotalekuan herriko ordezkari gisa arituko dira. Festa ederra aurreikusia dago.