Frontoi Txikiko Txapelketan, hirugarren posturako partidua jokatuko dute hernaniarrek gaur, semifinala 29-30 galdu ondoren.
Urteroko txapelketa
klasiko bat ari dira jokatzen palista hernaniarrak, egun hauetan:
Frontoi Txikiko Txapelketa. Baina osasun egoeragatik, Frontoi Txikin
beharrean, Aritzbatalde frontoian ari dira jokatzen oraingoan,
bosgarren koadrotik aurrera.
Astelehenean jokatu zituzten semifinalak,
eta protagonisten artean izan ziren Garbiñe Tijero eta Enara Macicior.
Oso gogorra izan zen beraiena, iazko txapeldunen kontra; eta azkeneko
tantoan nagusitu zitzaizkien Ainhoa Lakuntza eta Irati Tolosa
zarauztarrak (29-30). Ordu eta erdiko iraupena izan zuen.
Atzelariek egin behar izan zuten lan
gehien, eta horretan, primeran eutsi zion Macicior gazteak. Hernaniarrek
izan zuten erasorako iniziatiba, baina sekulako defentsa erakutsi zuten
zarauztarrek, eta izugarri luzatu ziren tantoak. Edonola ere, bi-hiru
tantoren aldearekin aritu ziren hernaniarrak, 22-20 jarri ziren arte.
Horrekin, partidua irabazita zeukatela zirudien, markagailuak hala
zioelako, 22ra zela, aurreko faseko partiduak bezala; baina oker zegoen
hura: 30era zen semifinala.
«Psikologikoki kolpe gogorra izan da
hori, baina eutsi diogu, eta aurretik izan gara 25garren tantora arte»,
kontatu zuen Tijerok. Orduan lortu zuten partidua berdintzea
zarauztarrek, eta 28-29 aurreratu ziren. Txokoan labur egindako bi
pareta batekin berdindu zuen markagailua Tijerok, baina azkeneko
tantoan, goiko txapara joan zitzaion pelota bat Maciciorri.
«Pena da, sekulako partidua jokatu
duelako Enarak. Inoizko partidurik onena jokatu du, atzean oso ondo
eutsita. Zeresana emango du laster», zioen Tijerok, partiduaren
bukaeran.
Gaur jokatuko dute hirugarren posturako
partidua, arratsaldeko 18:30etan, Amaia Aizpuru azkoitiarraren eta Idoia
Arrillaga debarraren kontra.