Mostrando entradas con la etiqueta SuBerri_Trinketa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta SuBerri_Trinketa. Mostrar todas las entradas

30 junio 2013

Su-Berri Txapelketaren finalak



EVARISTTI-HOUSSET 1. MAILAN ETA IRAZUSTABARRENA-CONTIN PROMOZIO MAILAN TXAPELDUN

Gaur, igandea, Su-Berri txapelketako finalak jokatu dira Irurako Ametsa trinketean. Bi finaletan lehenengo jokoa oso borrokatua izan da, 15 eta 14ko emaitza egon delarik, baina bigarren jokoan txapela lortu duten bikoteek hasieran aurreratzea lortu dute eta amaiera arte lortu dute beraien tartea mantentzea. Promozio mailako finala Huizi-Andueza eta Irazustabarrena-Contin bikoteen artekoa izan da. Anduezak ezin izan du finalerdiko joko maila garatu, kantxan ez baita batere eroso sentitu eta ondorioz akats ugari egin ditu. Huizi berriz, finaleko pilotarien artean esperientzia gutxien duena da eta aurrean jokaldiak egiten saiatu den arren ez du nahi zuen etekin guztia atera. Continek berriz, nahiko maila ona eman du partida osoan, Andueza behin baino gehiagotan mendean hartu du eta sorturiko aukerak oso ondo aprobetxatu ditu Irazustabarrenak.
1. mailan berriz, Maritxu Housset berriz ere argi erakutsi du gaitasun handiko pilotaria dela eta arrazoi guztiz dela munduko emakume pilotaririk onena. Behin eta berriz erakutsi du ze defentsa ikaragarri duen, pilota oso zailak frontisera itzultzea lortu baitu. Saezek nahiko lan izan du Housseti aurre egiten eta Etchelecu aukera izan duenetan saiatu den arren, ez da zehaztasun handiz ibili. Evaristtik berriz (berau izan da Su-Berriko pilotari bakarra finalean), bere teknika agerian utzi du. Normalean atzelaria den arren, txapelketa hau aurrelari moduan jokatu du eta batzuetan lekuz kanpo ibili den arren, tanto politak lortu ditu. Aipagarria izan da bigarren jokoan 12 eta 4 Evaristti-Housset irabazten ari zirela, Evaristti Saezek eskuinean moztutako pilota baten bila joan dela bere burua lurrera boteaz eta buruarekin hormaren kontra jo ondoren, babeserako betaurrekoek bekaina ireki diotela. Partida une batean geldirik egon den arren, Evaristtik jarraitzeko moduan aurkitu du bere burua (nahiz eta partida ondoren 6 puntu eman dizkioten) eta partida irabaztea lortu dute.

Bertaratutakoen artean giro ona egon da eta honenbestez, Su-Berri elkarteko zuzendaritza oso kontentu agertu da antolaturiko txapelketarekin, baita lehiatu diren pilotariak ere. Beraz, lehenengo edizio hau oso positibotzat jo da eta berriz errepikatuko da.
Azkenik aipatu, zozketaturiko Lur Laneko zestoaren zenbaki irabazlea 886 izan dela eta Tolosako Ana Mari Oterminek eskuratu duela.

Su-berri trinketako txapelketa amaitu da.

Gaur jokatu dira bi finalak.

Gaur amaitu da Anoetako SU-BERRI elkarteak antolatutako Trinketeko txapelketa azkarra. Ekainak 22an hasi, ekainaren 29an finalerdiak jokatu eta gaur igandea ekainak 30ean jokatu dira finalak.
Promozio mailan:
Txapeldunak:

Amaia Irazustabarrena-Contin (Eskarotz-Nafarroa)  

Azpitxapeldunak:

Maide Huici- Andueza (Etxauri-Nafarroa)
1 mailan:

Txapeldunak:

Evaristti (Suberri taldeko Argentinarra)- Maritxu Housset(Arbona-Lapurdi)  

Azpitxapeldunak:

Etchalecu(donibane Lohitzune-Lapurdi)
Saez(Gasteiz-Araba)
EMAITZAK:
EKAINAK 30, Igandea
FINALAK, 11:30ean
PROMOZIO MAILAKO FINALA
HUIZI-ANDUEZA 14 9
IRAZUSTABARRENA-CONTIN 15 15
1.MAILAKO FINALA
EVARISTTI-HOUSSET 15 15
ETCHELECU-SAEZ 14 11

27 junio 2013

Larunbatean Suberri Txapelketako finalerdiak Trinketean

Larunbat arratsaldean, 15:30etatik aurrera 1. mailako zein promozio mailako finalerdiak izango ditugu ikusgai. Partida hauen emaitzetatik igandeko finalak erabakita geratuko dira.
Lehenengo finalerdia 1. mailako bat izango da. Bertan Su-Berritik geratzen den ordezkari bakarrak parte hartuko du. Naty Evaristti, iparraldeko Maritxu Houssetekin batera aritu da. Maritxu gaur egun munduan dagoen pilotaririk onenetakoa da. Oso joko maila ona dauka, oso segurua da eta bera jokoan ikustea ikusgarria da. Gainera, iaz Iruñan jokaturiko munduko kopako txapelduna da. Hauen aurka Sylvie Halsouet eta Claire Bordagaray iparraldeko jokalariak izango dituzte. Sylvie, aurrelari azkarra da eta teknika handikoa. Eskumutur fina du eta jokaldi ederrak egiteko gai da. Atzean berriz Claire izango du. Pilotari hau oso indartsua eta bere erresebesa oso elegantea da.
Dudarik gabe, lehia handiko partida izango da eta ziur espektakulu polita erakutsiko dute.
Ondoren, promozio mailako bi finalerdiak jokatuko dira. Lehenengoan, Maider Huizi hernaniarrak eta Bea Andueza nafarrak lan handiak izango dituzte iparraldeko bikote gaztea menderatzeko. Iparraldeko Joana Urruty eta Mirentxu Irigaray, aurtengo urriaren 13tik 19ra Uruguayen jokatuko den 22 urtez azpiko trinketeko munduko txapelketan Frantziako selekzioa osatzeko aurre-selekzionatuta daude. Pilotari hauek gazteak dira baina trinketean oso txukun jokatzen dute eta pasa den larunbatean oso itxura ona eman zuten. Beraz, partida gogorra aurreikusten da. Maider Huizi hernaniarra oso pilotari gaztea da eta trinketean jokatzen pare bat urte besterik ez daramatza. Ezkerra da eta teknikoki oso polita. Atzean berriz Bea Andueza izango du. Pilotari honek urte askotan tenisean jokatu zuen eta beraz ondo moldatzen da trinketean. Jarraian, Amaia Irazustabarrena hernaniarra eta Rebeka Contin nafarra, Yanira Aristorena nafarra eta Ariane Arrieta hernaniarraren aurka arituko dira. Lau pilotari hauetako hiru ere 22 urtez azpiko munduko txapelketarako aurre-selekzionatuak daude. Bi aurrelariak azkarrak dira eta kolpe azkarrak egiten dituzte. Atzelariek berriz, gazteak diren arren, joko maila polita daukate eta nor baino nor ibiliko dira. Teknikoki oso onak ez diren arren, trinketera oso ondo moldatu dira eta beraien estilo propioa duten arren, defentsan zein erasoan oso ondo moldatzen dira. Beraz, partida hau ere oso parekatua egongo da eta akats gutxien egiten dituen bikoteak lortuko du finalerako txartela.
Azkenik, 1. mailako bigarren finalerdia jokatuko da. Bertan, Amaia Etchelecu egungo munduko txapeldunak eta Maria Saez txapelketan ezustekoa eman duen gasteiztarrak, aurrean Stephanie Leiza (munduko txapelduna baita ere) eta Aurore Caset iparraldeko pilotariak izango dituzte. Amaia eta Mariak bigarren partidan lortu zuten finalerdietarako sailkapena eta Stephanie eta Aurorek lehenengo partidan. Aurrean trinketea ondo dominatzen duten bi pilotari beterano izango ditugu eta atzean berriz Aurore pilotari esplosiboa eta oso segurua den Maria. Norgehiagoka hau ere oso orekatua izatea aurreikusten da.
Argi dago orduan lau partida oso interesgarri egongo direla larunbat arratsaldean.
Finalak berriz, igandean (ekainak 30) izango dira, goizeko 11:30ean hasita. Bi finalen artean, Lur-Lan baserriko produktuez osaturiko saski ederra zozketatuko da.
Goi mailako partida ikusgarriak aurreikusten dira eta bertaratzeko asmoa dutenek Euskal Herriko neska pilotari onenen jokoaz gozatzeko aukera izango dute.

FINALERDIAK, 15:30ean


15:30 1. mailako F partida
EVARISTTI-HOUSSET 15 11 10
HALSOUET-BORDAGARAY 11 15 4
16:30 2. mailako F partida
HUIZI-ANDUEZA 15 15
URRUTY-IRIGARAY 9 10
17:30 2. mailako G partida
IRAZUSTABARRENA-CONTIN 15 15
ARISTORENA-ARRIETA 11 9
18:30 1. mailako G partida
LEIZA-CASET 14 14
ETCHELECU-SAEZ 15 15

 

25 junio 2013

Suberri Trinkete Txapelketako emaitzak

LEHENENGO KANPORAKETEN ONDOREN FINALERDIAK ERABAKITA

Goizeko 11:30etan hasi eta arratsaldeko 6rak arte etenik gabe guztira hamar partidu jokatu ziran.

Larunbatean Irurako Ametsak jokaturiko lehenengo kanporaketa partidak oso orekatuak izan ziren. Promozio mailan, etorkizuneko gazteek erakutsitako joko maila ona izan zen. Partida guztiak oso orekatuak izan ziren eta ia partida guztiak hirugarren jokoan erabaki ziren. Gogoratu, partidak 2 joko irabaztera izan direla; hau da lehenengo bi jokoak 10 puntura izan dira eta bikote bakoitzak joko bana irabaziz gero, berdinketa apurtzeko 6 puntutako hirugarren jokoa irabazi behar dela. Partidak emozioz beteak egon ziren eta bertaratutako ikusleek ere arreta handiz jarraitu zituzten lehia guztiak. Finalerdietarako ondorengo bikoteak sailkatu ziren:
  • Irazustabarrena (hernaniarra) eta Contin (Ezkarotzeko nafarra)
  • Huizi (hernaniarra) eta Andueza (Etxauriko nafarra)
  • Aristorena (Etxarriko nafarra) eta Arrieta (hernaniarra)
  • Urruty (Itsasuko baxenafarra) eta Irigaray (Baigorriko baxenafarra)

1. mailan berriz, promozioko mailan gertatu bezala, partida orekatuak izan ziren eta ia denak gainera hirugarren jokoan erabakiak. Maila hauetan joko erritmo biziagoaz gain Euskal Herriko pilotaririk onenetakoak ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Egungo munduko txapeldunek ez zuten hutsik egin eta finalerdietarako txartela lortu zuten, bakoitzak bere bikotearekin. Aipagarria izan zen Maria Saez gasteiztarraren aktuazioa, izan ere, lehenengo aldia baitzen maila honetan aritzen zena eta lehenengo kanporaketa partida galdu egin bazuten ere, bigarren aukera ez zuten alperrik galdu. Erritmora jartzea lortu bezain laister oso seguru agertu zen atzean eta joko sendoagoa egiteko aukera izan zuen, horrek Etchelecu bere aurrelariari jokoan gehiago sartzeko aukera eman zion eta honek erritmo bizia jarriz arratsaldeko azken partida irabazi eta finalerdietara pasatzea lortu zuten. Su-Berriko Naty Evaristti eta Maritxu Housseti ere, iazko munduko kopako txapelduna, berdina gertatu zitzaien. Lehenengo aldiz jokatzen zuten batera eta lehenengo jokoan elkar ulertze arazo batzuk izan zituzten arren, ondorengo bi jokoak irabaziz zuzenean finalerdietarako txartela lortu zuten. Iparraldeko beste bi bikoteek ere ez zuten hutsik egin eta euren partidak irabaziz aurrera egin zuten. Honenbestez, Maitane Aburuza eta Nagore Arozena, Su-Berriko pilotariak, euren bikoteekin batera txapelketatik at geratu ziren. Beraz, hauek dira finalerdietarako sailkapena lortu duten bikoteak:
  • Evaristti (Su-Berriko argentinarra) eta Housset (Arbonako lapurtarra)
  • Etchelecu (Donibane Loitzuneko lapurtarra) eta Maria Saez (Gasteizko arabarra)
  • Leiza (Halsou-ko lapurtarra) eta Caset (Baigorriko baxenafarra)
  • Halsouet (Urruñako lapurtarra) eta Borgaray (Osses-eko baxenafarra)