Eguraldi txarraren eraginez ordutegian aldaketak izan dira gaurkoan; izan ere, eguerdiko 12:00etan jokatzekoa zen Gipuzkoako pala finala arratsaldeko 15:00etara atzeratu behar izan dute. Itxaronaldiak, ordea, merezi izan du: kantxan bildu direnek ordubete eta erdiko partida gogoangarriaz gozatzeko aukera izan dute.
Gorriz, txapelketa osoan partidarik galdu gabe iritsi diren faboritoak aritu dira: Naroa Saez eta Garazi Eizmendi. Urdinez, berriz, txapela janzteko gogoz zelairatu diren Nahia Eizmendi eta Leire Galdos.
Hasieratik argi geratu da ez zela partida erraza izango. Lehen zatian gorriek agindu dute markagailuan, eta 20. tantora arte urdinak atzetik joan dira une oro, gehienez ere hiru tantoko aldearekin. Hortik aurrera, ordea, neurketak beste martxa bat hartu du: berdinketak bata bestearen atzetik etorri dira, eta urdinek markagailuari buelta ematea lortu dute, hiru tantoko abantaila eskuratuz.
Lau pilotariek joko bizia eta aldakorra erakutsi dute, pilota asko mugituz eta indarra zein abilezia uztartuz. Azken txanpan tentsioa nagusitu da, eta 29na berdinduta iritsi dira azken tanto erabakigarrira. Une horretan, Leire Galdosek ezker hormara bidalitako pilotakada bikain batek erabaki du finala, txapela bikote urdinaren alde utziz.

.jpeg)
.jpeg)


