EVARISTTI-HOUSSET
1. MAILAN ETA IRAZUSTABARRENA-CONTIN PROMOZIO MAILAN TXAPELDUN
Gaur, igandea, Su-Berri txapelketako
finalak jokatu dira Irurako Ametsa trinketean. Bi finaletan lehenengo
jokoa oso borrokatua izan da, 15 eta 14ko emaitza egon delarik, baina
bigarren jokoan txapela lortu duten bikoteek hasieran aurreratzea
lortu dute eta amaiera arte lortu dute beraien tartea mantentzea.
Promozio mailako finala Huizi-Andueza eta Irazustabarrena-Contin
bikoteen artekoa izan da. Anduezak ezin izan du finalerdiko joko
maila garatu, kantxan ez baita batere eroso sentitu eta ondorioz
akats ugari egin ditu. Huizi berriz, finaleko pilotarien artean
esperientzia gutxien duena da eta aurrean jokaldiak egiten saiatu den
arren ez du nahi zuen etekin guztia atera. Continek berriz, nahiko
maila ona eman du partida osoan, Andueza behin baino gehiagotan
mendean hartu du eta sorturiko aukerak oso ondo aprobetxatu ditu
Irazustabarrenak.
1. mailan berriz, Maritxu Housset
berriz ere argi erakutsi du gaitasun handiko pilotaria dela eta
arrazoi guztiz dela munduko emakume pilotaririk onena. Behin eta
berriz erakutsi du ze defentsa ikaragarri duen, pilota oso zailak
frontisera itzultzea lortu baitu. Saezek nahiko lan izan du Housseti
aurre egiten eta Etchelecu aukera izan duenetan saiatu den arren, ez
da zehaztasun handiz ibili. Evaristtik berriz (berau izan da
Su-Berriko pilotari bakarra finalean), bere teknika agerian utzi du.
Normalean atzelaria den arren, txapelketa hau aurrelari moduan jokatu
du eta batzuetan lekuz kanpo ibili den arren, tanto politak lortu
ditu. Aipagarria izan da bigarren jokoan 12 eta 4 Evaristti-Housset
irabazten ari zirela, Evaristti Saezek eskuinean moztutako pilota
baten bila joan dela bere burua lurrera boteaz eta buruarekin
hormaren kontra jo ondoren, babeserako betaurrekoek bekaina ireki
diotela. Partida une batean geldirik egon den arren, Evaristtik
jarraitzeko moduan aurkitu du bere burua (nahiz eta partida ondoren 6
puntu eman dizkioten) eta partida irabaztea lortu dute.
Bertaratutakoen artean giro ona egon da
eta honenbestez, Su-Berri elkarteko zuzendaritza oso kontentu agertu
da antolaturiko txapelketarekin, baita lehiatu diren pilotariak ere.
Beraz, lehenengo edizio hau oso positibotzat jo da eta berriz
errepikatuko da.
Azkenik
aipatu, zozketaturiko Lur Laneko zestoaren zenbaki irabazlea 886 izan
dela eta Tolosako Ana Mari Oterminek eskuratu duela.