noviembre 09, 2021

Juxtu juxtu baina Hernaniarrak finalean dira Gipuzkoako txapelketan

 

Garaipen estuarekin sailkatu dira finalera, Irazustabarrena eta Arrieta

Sailkatzeko nahi ta nahiez irabazi beharra zeukaten.

30-29 irabazi zuten larunbatean, Su Berriko bikotearen kontra.

Ikusgarria izan zen larunbat eguerdiko partidua, Hernaniko kiroldegiko frontoian. Lehia bizia izan zen, eta azkeneko tantoan lortu zuten garaipena Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta hernaniarrek, Su Berriko Leire Galdosen eta Maider Mendizabalen kontra (30-29).

Horrela, finalera pasea lortu dute hernaniarrek, Gipuzkoako Txapelketan, nagusien lehenengo mailan. Eta hain justu, Galdos eta Mendizabal izango dituzte aurrez aurre, finalean.

Ederki kostata lortu zuten ga­raipena. Oso larri aritu ziren partidu osoan, lau tanto inguruko aldearekin galtzen. Baina gogotik aritu ziren lanean, eta bukaeran lortu zuten partidua berdintzea, 28na. Aurrea ere hartu zuten orduan, baina berriro berdindu zuen Su Berrik, eta azkeneko tantoan erabaki zuten dena: tanto ederra lortu zuen Irazustabarrenak aurrean, pelota txostean jota. Sekulako partidua jokatu zuten bi hernaniarrek, eta Hernanin aspaldi ikusitako pala partidu onenetako bat eskaini zuten lau palistek.

Gauzak horrela, ikuskizuna espero da finalerako ere. Azaroaren 21ean jokatuko dute hori, eta litekeena da Hernanin izatea, igande arratsaldean. Horretarako eskaera luzatu du Hernaniko pala sailak, eta Gipuzkoako Pilota Federazioaren esku dago orain erabakia.