Hasi dira mendeurreneko ospakizunak. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) urte berezi honetako aurkezpena egin zuen, atzo (2025-01-05), Donostiako Atano III.a pilotalekuan, hainbat erakundetako ordezkarik, babeslek, federazioaren presidente ohik, klubek eta pilotarik lagunduta. Logo berria ere eman zuen ezagutzera. Itziar Lete Andonegi, GEPFren egungo presidenteak, gidatu zuen saioa; mahaikide izan zituen Marta Pastor Bañales, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaria, Joxemari Mitxelena Cazabon, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko (EEPF) presidentea, Iñaki Gabarain Gaztelumendi, Donostiako Udaleko Kirol zinegotzia eta Irati Etxeberria Mateos, logo berriaren sortzailea.
"Euskal pilota berezia da, gure herriaren nortasuna, barruan daramagu", hasi zuen agerraldia Letek. Eta eskerrak emanez ekin zion aurkezpenari: "Eskerrak 100 urte hauetan federazioa egin duten presidente, zuzendaritza kide, epaile, klub eta pilotari guztiei, eta baita gaur egun egiten dutenei ere. Eskerrak, era berean, gure babesle direnei eta mendeurren honetan gurekin bat egingo duten enpresa, eragile eta norbanakoei: Ampo, Orona, Rural Kutxa, Danobat, Irizar, Negua, Aramendia, Oriamendi, Daniel Carballo… Eta, bereziki, eskerrik asko Gipuzkoako Foru Aldundiari, berriz ere bidelagun izateagatik".
Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendari Marta Pastor Bañalesek hartu zuen hitza ondoren. "Plazer eta ohore bat da hemen egotea. Ezinbesteko erakundea da, kirol honen funtsa bizirik mantentzen jakin duena. Guztiak zoriondu nahi zaituztet, eta kirol honekin dugun konpromisoa berretsi", azpimarratu zuen. Mendeurrenarena "iraganaren ospakizuna, baina etorkizunera begirakoa" dela gehitu zuen.
Joxemari Mitxelena Cazabon EEPFko presidente izendatu berriari ere "oso eskertuta" eman zion hitza Letek, eta hark historiari errepasotxo bat egin eta datu bitxiak kontatu zizkien bildutakoei. "Jarraitu pilota bizitzen", animatu zituen guztiak.
Gipuzkoako Udalak ere aipatu nahi izan zituen GEPFko presidenteak, "elkarlanerako prest azaldu baitzaizkigu ospakizun urte honetan: Donostia, Azpeitia, Zestoa, Villabona, Usurbil, Oiartzun, Zizurkil, Zumarraga… eskerrik asko guztioi". Eta Donostiako Udaleko Kirol zinegotzi Iñaki Gabarain Gaztelumendi mahaikideari "Atano III.a pilotaleku ederrean ekitaldi hau egiteko aukera ematea" eskertu zion: "Ezin dugu ahaztu, gainera, ospakizun batzuk Donostian antolatzeko eskaini digun laguntza, eta abian dugun Donostia Plana garatzeko elkarlana". Donostia Plana izan zuen hizpide Gabarainek ere, Donostian pilota indartzeko bi erakundeek parte hartzen dutena: "Zorionak emateaz gain, eskerrak ere eman behar dizkiot federazioari, elkarlanagatik. Gaur anfitrioiak gara, eta ohore bat da". 100 urte "kate luze bat" dela adierazi zuen eta "aurretik dugun bide luze honi elkarlanean heltzeko" prestutasuna agertu zuen.
Urteurreneko ekitaldien berri eman zuen ondoren GEPFko presidenteak. Abuztuaren 9an beteko ditu ehun urte federazioak, baina "urte guztiko festa" izatea nahiko luke, eta horretarako ekintza desberdinak antolatuko ditu. Hala, abuztura bitarte gutxi gorabehera hilero izango da ekintzarik. "Unean-unean joango gara xehetasun guztiak ematen, baina zerbait aurreratu dezakegu", azaldu zuen Letek. Euskal pilotaren iruditeriarekin sortutako karta-sorta; emakume pilotariak protagonista izango diren eguna eta haien ibilbidea jasotzen duen erakusketa; bertso-jaialdi bat; federazioaren historia jasotzen duen argitalpena; espezialitate zaharrenen partida ikusgarriak; jokamolde desberdinen pilota festak; artxibo historikoa jendartera zabaldu, jaialdi bikaina abuztuan... hauek guztiak aipatu zituen. Eta lehendabiziko ekintza atzo bertan gauzatu zen, federazioaren logo berriaren aurkezpenarekin.
Irati Etxeberria Mateos sortzaileak irabazi du GEPFk antolatutako lehiaketa, eta bere lanaren nondik norakoak azaldu zituen aurkezpenean. Frontoia "irudi zentral bezala" aukeratu du Etxeberriak, "disziplina guziak eta kirol honetako protagonista guztiak batzen dituena". Frontoiaren markak eta pilotak osatzen dute logoa. "Armarriaren aztarnak" ere baditu, berria izan arren aurreko logoari ere keinu eginez, hala.
Urteurrena federazioarekin batera ospatzera gonbidatuz eta parte hartzera animatuz amaitu zuen azalpena GEPFko presidenteak: "100 urte ez da helmuga, eta etorkizunera ilusioz beteta begiratu nahi diogu".