mayo 07, 2024

Asteburu borobila Hernaniko palistena

Amaia Irazustabarrenak bi txapel lortu ditu asteburuan eta Leire Galdosekin Bizkaia Torneo entzutetsua irabazi du

Aurrelari hernaniarrak laugarren txapela eskuratu du Bizkaia frontoian eta Gipuzkoako Trinketeko txapela ere irabazi du, 30-26, Miren Goikoetxearekin, Izaskun Arrosagaray eta Ane Kerejeta taldekideen aurka.

Amaia Irazustabarrenak hiru txapelketetako finalak jokatu ditu asteburuan, eta horietako bietan txapela eskuratu du. Larruzko Paletan Bizkaia Torneoko txapela eskuratu zuen laugarren aldiz. Leire Galdos taldekide oiartzuarrarekin batera, 2-1 lortu zuten garaipena Nagore Martin arabarra eta Gorostiaga nafarraren kontra. Lehenengo seta 12-10 irabazi zuten gorriek, bigarren seta urdinen alde izan zen 7-12, eta joko erabakigarrian Irazustabarrenak eta Galdosek lortu zuten garaipena, 12-9.  

Leire Galdosentzat Bizkaia Torneoko lehenengo txapela da eta lau palistetatik onena izan zen, batez ere azken jokoan. 

Bizkaia Torneoko finala eguerdian jokatu zen eta hortik bost ordutara asteburuko bigarren txapela irabazi zuen. Irurako trinketean, Miren Goikoetxearekin batera, 30-26 lortu zuten garaipena Izaskun Arrosagaray eta Ane Kerejetaren kontra, Gipuzkoako Trinkete txapelketan. Hernaniko bi taldeek jokatu zuten finala Iruran.

Grabni txapelketan txapelak ihes, Nafarroaren kontra

Asteburuko lehenengo finala, ordea, galdu egin zuen Irazustabarrenak Grabni txapelketan. Gasteizko Mendizorrotza frontoian Nafarroaren aurka jokatu zuten finala Irazustabarrenak eta Garazi Eizmendik, eta 30-21 galdu zuten Gipuzkoako ordezkariek. Beraz, senior nesketan, paleta gomaz, Nafarroak lortu zuen txapela Espinal eta Ardanaz bikotearekin.