| 2012ko abenduak 22, BEOTIBAR(Tolosa),17:00 | |||
| 2.Maila | |||
| Garbiñe Tijero-Errasti | 30 | 21 | Arruti-Beldarrain |
| 1.Maila | |||
| Miren Goikoetxea-Arozena | 30 | 21 | Garmendia-Ariane Arrieta |
Jaialdiko lehen partidan Jubenilen elkarteen arteko Gipuzkoako txapelketako finalerdia jokatu zen Anoetako Su-Berri elkarteko bi taldeen artean. Hasiera batean espero zen partida parekatua ez zen ikusi Su-Berri 2 taldeko Leire Ormazabal eta Leire Gabirondok ez baitzuten batere partida ona jokatu. Leire Gabirondo atzelari donostiarrak ez zuen bere eguna izan eta ez zituen bere jokoan ugariak diren pilotakadak jo. Su-Berri 1 taldeko Igone Gutierrez eta Anne Maizak berriz partida serioa jokatu zuten oso akats gutxi eginez eta batez ere Anne oso seguru agertu zen atzeko kuadroetan. Azkenean, Su-Berri 1 taldeak oso errez irabazi zuen partida eta datorren larunbatean Gipuzkoako txapelketako finala jokatuko dute Alegiako Intxurre taldearen aurka.
Jaialdiko ondorengo bi finalerdiak berriz, ezker hormako Emakumea Pilotari txapelketako bi mailatakoak izan ziren. Lehenik 2. mailako finalerdiak jokatu zen eta -bertan Tijero-Errasti bikote beteranoak berea eman zuen eta hasieran pixka bat kostatu zitzaien arren, partidaren azken txanpan jarraian eginiko tantoen bitartez 30era iristera lortu zuten. Arruti eta Beldarrainek berriz aurre egiteko saiakera egin zuten arren, ezin izan zuten intentsitate berbera mantendu partida guztian zehar eta 20 arte nahiko parekatuak ibili ziren arren, partidaren azken zatian amore eman zuten aurkari esperimentatuen jokoaren aurrean. Beraz, finala oso partida parekatua eta interesgarria izatea espero da eta hasiera batean behintzat ez dago faborito argirik.
1. mailako finalerdia berriz, ia ordubeteko iraupenarekin, oso borrokatua izan zen. 4 pilotariek oso joko maila ona erakutsi zuten eta pilotakada indartsuez gain aurrean tanto politak ikusteko aukera izan zen. Garmendia eta Arrieta gogotik saiatu ziren Goikoetxea eta Arozena menderatzen baina Arozena lizartzarra oso pilotari ona dela argi geratu zen. Tanto batean baino gehiagotan atzeko koadroetatik pilota zailak bueltatu eta txokoa ederki zaindu zuen eta nagusitasun osoa erakutsi zuen batez ere partida erditik aurrera. Honen bikote Goikoetxeak berriz asko lagundu zion Arozenari pilota askotara airez sartuz eta aukera izan zuen une askotan aukera aprobetxatu eta tantoa bereganatzea lortu zuten. Garmendia eta Arrieta berriz beraien jokoa egiten saiatu ziren. Partida erdia aldera arte berdinketa ugari egon ziren, tanto bat baino gehiagotan aurkariak menderatzea ere lortu zuten baina Garmendiak ez zituen aukerako pilota guztiak aprobetxatu aurkarien gozamenerako. Garmendia oso pilotari indartsua eta azkarra da, baina Arozena atzeko koadroetara bidaltzea lortzen bazuen ere gero ez zituen aukerako pilotak aprobetxatu eta gorrien defentsa lanak fruituak eman zizkieten. Arrietan ere oso lan polita egin zuen, atzean ondo eutsi eta Arozena kolpez menderatzen saiatuz baina lehen esan bezala Nagore Arozena oso esperientzia handiko pilotaria da, zaildua dago eta ofizio asko du, pilota zailak frontisera ondo itzultzen ditu eta ondoren kantxa ondo zaintzen duela erakutsi zuen. Azkenean beraz, urdinek amore eman zuten eta azken unean erreakzio txiki bat izan zuten arren, tantoa egiteko saiakera batean falta egin zuten eta gorriek 30, tantoa lortu zuten partida bereganatuz. 1. mailako finala ere oso gogorra eta interesgarria izango da, Gipuzkoako bi atzelari onenak nor baino nor arituko direlako eta aurreko koadroetan berriz bi aurrelari gazte arituko dira zertarako gai diren erakusteko asmoz. Beraz, emozioa eta joko ona garantizatua dago.