Hernaniko frontoian Gipuzkoako txapelketako bigarren jardunaldia jokatu da paleta gomaz. Aurreneko partiduan, Garazi Urdangarin eta Maddi Iriondok garaipen erraza lortu dute Altzatarra talde berriaren aurka.
Bigarren partidua Hernaniko bi bikoteen artekoa izan da, eta ikusitakoaren arabera, bi hauek izan daitezke aurtengo finalistak. Partida oso lehiatua izan da Leire Galdos-Ane Kerejeta eta Naia-Garazi Eizmendi ahizpen artean. Leire Galdosek partiduko tanturik ikusgarrienak sortu eta gauzatu ditu, eta atzean, Ane Kerejetak bikain eutsi die Garazi Eizmendiren kolpe indartsuei. Naiak ere tantu ikusgarriak lortu ditu, baina, esan bezala, Galdos nagusi izan da.
Azkeneko partiduan, Manterola eta Beloki Zubietarren aurka aritu dira partida oso gogor batean. Partida osoa atzetik joan ondoren, azkenean, garaipen estua lortu dute 25-23. Partida honetako protagonista pilota izan dela esan daiteke, talde bakoitzak bere pilotarekin jokatu baitu.