25 junio 2013

Suberri Trinkete Txapelketako emaitzak

LEHENENGO KANPORAKETEN ONDOREN FINALERDIAK ERABAKITA

Goizeko 11:30etan hasi eta arratsaldeko 6rak arte etenik gabe guztira hamar partidu jokatu ziran.

Larunbatean Irurako Ametsak jokaturiko lehenengo kanporaketa partidak oso orekatuak izan ziren. Promozio mailan, etorkizuneko gazteek erakutsitako joko maila ona izan zen. Partida guztiak oso orekatuak izan ziren eta ia partida guztiak hirugarren jokoan erabaki ziren. Gogoratu, partidak 2 joko irabaztera izan direla; hau da lehenengo bi jokoak 10 puntura izan dira eta bikote bakoitzak joko bana irabaziz gero, berdinketa apurtzeko 6 puntutako hirugarren jokoa irabazi behar dela. Partidak emozioz beteak egon ziren eta bertaratutako ikusleek ere arreta handiz jarraitu zituzten lehia guztiak. Finalerdietarako ondorengo bikoteak sailkatu ziren:
  • Irazustabarrena (hernaniarra) eta Contin (Ezkarotzeko nafarra)
  • Huizi (hernaniarra) eta Andueza (Etxauriko nafarra)
  • Aristorena (Etxarriko nafarra) eta Arrieta (hernaniarra)
  • Urruty (Itsasuko baxenafarra) eta Irigaray (Baigorriko baxenafarra)

1. mailan berriz, promozioko mailan gertatu bezala, partida orekatuak izan ziren eta ia denak gainera hirugarren jokoan erabakiak. Maila hauetan joko erritmo biziagoaz gain Euskal Herriko pilotaririk onenetakoak ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Egungo munduko txapeldunek ez zuten hutsik egin eta finalerdietarako txartela lortu zuten, bakoitzak bere bikotearekin. Aipagarria izan zen Maria Saez gasteiztarraren aktuazioa, izan ere, lehenengo aldia baitzen maila honetan aritzen zena eta lehenengo kanporaketa partida galdu egin bazuten ere, bigarren aukera ez zuten alperrik galdu. Erritmora jartzea lortu bezain laister oso seguru agertu zen atzean eta joko sendoagoa egiteko aukera izan zuen, horrek Etchelecu bere aurrelariari jokoan gehiago sartzeko aukera eman zion eta honek erritmo bizia jarriz arratsaldeko azken partida irabazi eta finalerdietara pasatzea lortu zuten. Su-Berriko Naty Evaristti eta Maritxu Housseti ere, iazko munduko kopako txapelduna, berdina gertatu zitzaien. Lehenengo aldiz jokatzen zuten batera eta lehenengo jokoan elkar ulertze arazo batzuk izan zituzten arren, ondorengo bi jokoak irabaziz zuzenean finalerdietarako txartela lortu zuten. Iparraldeko beste bi bikoteek ere ez zuten hutsik egin eta euren partidak irabaziz aurrera egin zuten. Honenbestez, Maitane Aburuza eta Nagore Arozena, Su-Berriko pilotariak, euren bikoteekin batera txapelketatik at geratu ziren. Beraz, hauek dira finalerdietarako sailkapena lortu duten bikoteak:
  • Evaristti (Su-Berriko argentinarra) eta Housset (Arbonako lapurtarra)
  • Etchelecu (Donibane Loitzuneko lapurtarra) eta Maria Saez (Gasteizko arabarra)
  • Leiza (Halsou-ko lapurtarra) eta Caset (Baigorriko baxenafarra)
  • Halsouet (Urruñako lapurtarra) eta Borgaray (Osses-eko baxenafarra)