27 junio 2013

Larunbatean Suberri Txapelketako finalerdiak Trinketean

Larunbat arratsaldean, 15:30etatik aurrera 1. mailako zein promozio mailako finalerdiak izango ditugu ikusgai. Partida hauen emaitzetatik igandeko finalak erabakita geratuko dira.
Lehenengo finalerdia 1. mailako bat izango da. Bertan Su-Berritik geratzen den ordezkari bakarrak parte hartuko du. Naty Evaristti, iparraldeko Maritxu Houssetekin batera aritu da. Maritxu gaur egun munduan dagoen pilotaririk onenetakoa da. Oso joko maila ona dauka, oso segurua da eta bera jokoan ikustea ikusgarria da. Gainera, iaz Iruñan jokaturiko munduko kopako txapelduna da. Hauen aurka Sylvie Halsouet eta Claire Bordagaray iparraldeko jokalariak izango dituzte. Sylvie, aurrelari azkarra da eta teknika handikoa. Eskumutur fina du eta jokaldi ederrak egiteko gai da. Atzean berriz Claire izango du. Pilotari hau oso indartsua eta bere erresebesa oso elegantea da.
Dudarik gabe, lehia handiko partida izango da eta ziur espektakulu polita erakutsiko dute.
Ondoren, promozio mailako bi finalerdiak jokatuko dira. Lehenengoan, Maider Huizi hernaniarrak eta Bea Andueza nafarrak lan handiak izango dituzte iparraldeko bikote gaztea menderatzeko. Iparraldeko Joana Urruty eta Mirentxu Irigaray, aurtengo urriaren 13tik 19ra Uruguayen jokatuko den 22 urtez azpiko trinketeko munduko txapelketan Frantziako selekzioa osatzeko aurre-selekzionatuta daude. Pilotari hauek gazteak dira baina trinketean oso txukun jokatzen dute eta pasa den larunbatean oso itxura ona eman zuten. Beraz, partida gogorra aurreikusten da. Maider Huizi hernaniarra oso pilotari gaztea da eta trinketean jokatzen pare bat urte besterik ez daramatza. Ezkerra da eta teknikoki oso polita. Atzean berriz Bea Andueza izango du. Pilotari honek urte askotan tenisean jokatu zuen eta beraz ondo moldatzen da trinketean. Jarraian, Amaia Irazustabarrena hernaniarra eta Rebeka Contin nafarra, Yanira Aristorena nafarra eta Ariane Arrieta hernaniarraren aurka arituko dira. Lau pilotari hauetako hiru ere 22 urtez azpiko munduko txapelketarako aurre-selekzionatuak daude. Bi aurrelariak azkarrak dira eta kolpe azkarrak egiten dituzte. Atzelariek berriz, gazteak diren arren, joko maila polita daukate eta nor baino nor ibiliko dira. Teknikoki oso onak ez diren arren, trinketera oso ondo moldatu dira eta beraien estilo propioa duten arren, defentsan zein erasoan oso ondo moldatzen dira. Beraz, partida hau ere oso parekatua egongo da eta akats gutxien egiten dituen bikoteak lortuko du finalerako txartela.
Azkenik, 1. mailako bigarren finalerdia jokatuko da. Bertan, Amaia Etchelecu egungo munduko txapeldunak eta Maria Saez txapelketan ezustekoa eman duen gasteiztarrak, aurrean Stephanie Leiza (munduko txapelduna baita ere) eta Aurore Caset iparraldeko pilotariak izango dituzte. Amaia eta Mariak bigarren partidan lortu zuten finalerdietarako sailkapena eta Stephanie eta Aurorek lehenengo partidan. Aurrean trinketea ondo dominatzen duten bi pilotari beterano izango ditugu eta atzean berriz Aurore pilotari esplosiboa eta oso segurua den Maria. Norgehiagoka hau ere oso orekatua izatea aurreikusten da.
Argi dago orduan lau partida oso interesgarri egongo direla larunbat arratsaldean.
Finalak berriz, igandean (ekainak 30) izango dira, goizeko 11:30ean hasita. Bi finalen artean, Lur-Lan baserriko produktuez osaturiko saski ederra zozketatuko da.
Goi mailako partida ikusgarriak aurreikusten dira eta bertaratzeko asmoa dutenek Euskal Herriko neska pilotari onenen jokoaz gozatzeko aukera izango dute.

FINALERDIAK, 15:30ean


15:30 1. mailako F partida
EVARISTTI-HOUSSET 15 11 10
HALSOUET-BORDAGARAY 11 15 4
16:30 2. mailako F partida
HUIZI-ANDUEZA 15 15
URRUTY-IRIGARAY 9 10
17:30 2. mailako G partida
IRAZUSTABARRENA-CONTIN 15 15
ARISTORENA-ARRIETA 11 9
18:30 1. mailako G partida
LEIZA-CASET 14 14
ETCHELECU-SAEZ 15 15