julio 21, 2021

Finalaren atarian geratu dira Garbiñe Tijero eta Enara Macicior, Zarautzen

 

Frontoi Txikiko Txapelketan, hirugarren posturako partidua jokatuko dute hernaniarrek gaur, semifinala 29-30 galdu ondoren.

Urteroko txapelketa klasiko bat ari dira jokatzen palista hernaniarrak, egun hauetan: Frontoi Txikiko Txapelketa. Baina osasun egoeragatik, Frontoi Txikin beharrean, Aritzbatalde fronto­ian ari dira jokatzen oraingoan, bosgarren koadrotik aurrera.

Astelehenean jokatu zituzten semifinalak, eta protagonisten artean izan ziren Garbiñe Tijero eta Enara Macicior. Oso gogorra izan zen beraiena, iazko txapeldunen kontra; eta azkeneko tantoan nagusitu zitzaizkien Ainhoa Lakuntza eta Irati Tolosa zarauztarrak (29-30). Ordu eta erdiko iraupena izan zuen.

Atzelariek egin behar izan zuten lan gehien, eta horretan, primeran eutsi zion Macicior gazteak. Hernaniarrek izan zuten erasorako iniziatiba, baina sekulako defentsa erakutsi zuten zarauztarrek, eta izugarri luzatu ziren tantoak. Edonola ere, bi-hiru tantoren aldearekin aritu ziren hernaniarrak, 22-20 jarri ziren arte. Horrekin, partidua irabazita zeukatela zirudien, markagailuak hala zioelako, 22ra zela, aurreko faseko partiduak bezala; baina oker zegoen hura: 30era zen semifinala.

«Psikologikoki kolpe gogorra izan da hori, baina eutsi diogu, eta aurretik izan gara 25garren tantora arte», kontatu zuen Tijerok. Orduan lortu zuten partidua berdintzea zarauztarrek, eta 28-29 aurreratu ziren. Txokoan labur egindako bi pareta batekin berdindu zuen markagailua Tijerok, baina azkeneko tantoan, goiko txapara joan zitzaion pelota bat Maciciorri.

«Pena da, sekulako partidua jokatu duelako Enarak. Inoizko partidurik onena jokatu du, atzean oso ondo eutsita. Zeresana emango du laster», zioen Tijerok, partiduaren bukaeran.

Gaur jokatuko dute hirugarren posturako partidua, arratsaldeko 18:30etan, Amaia Aizpuru azkoitiarraren eta Idoia Arrillaga debarraren kontra.