HIZTEGIA

 Xabier Euzkitze / Hizkuntza / 2008-04-29 tik jasoa www.erabili.com/ -en aurkitutakoa

EITBko pilota saioetan askori ezezaguna zaizkigun hitzak erabiltzen ditu.

  • Punpa: Hasi Baionatik eta Ospitale Piaraino erabiltzen den hitza; "botea" erdal hizkeran.
  • Ñakoa: Retana hiztegiak eta Azkuerenak ongi azaltzen duten moduan, "jugarreta" esan nahi du. Zer da ba dejada? Horixe, ziria sartzea. Baztanen oraindik ere bizirik dago hitz hau. Dejada baztertu eta kolpetik ñakoa erabiltzen hasi izan bagina, ulermenaren eta komunikazioaren kaltetan litzateke. Hasieran nahasi eta gero tartekatuz, naturaltasun osoz onartu du jendeak.
  • Txintxea: hau ere bizirik dago, eremu urrian izan arren. Txapa esan nahi du.
  • Ados: "Ados egon" eta "adostu" pilotatik eratorriak dira. Oraindik ere hala kantatzen du Gaston Etxart xaxari hazpandarrak: ados, jaunak, ados!!! Berdinketa dagoenenan esaten da.
  • Kintze: Errebotea, laxoa, pasaka... Euskal joko zaharrak dira. Nondik hartu du tenisak tantoak zenbatzeko modu bitxi hori? Pentsa dezagun une batez.
  • Eskas:  Deierri ibarreko Lezaun herrixkara joaten bazara, esate baterako, ez duzu ez "falta" ez "motz" irakurriko ezker paretan, "eskas" baizik. Euskara galdu zuten, baina guk galduriko hitz batzuei eusten diete.
  • Bego!: Trinketean euskaraz ez dakiten atzelariek ere erabiltzen duten hitza, aurrelariari pilota galdatzeko. Guk "utzi", "laga" edo "voy" esaten dugu. 
  • Adibide gehiago ere jar nezake: besagain, ezker-zehar, buruz-gain, horma biko... denak euskal hitzak.
"Partidu" hitzaren kontra ez dut ezer. Tolosak beti hala erabiltzen du eta, noski, nik ez diot bestelakorik eskatu. Euskaltzaindiari -bereziki Ibon Sarasolari- galdegin beharko zenioke zergatik hobesten duten "partida".
Erabakiak hartu eta urratsak ematea horretan diharduenaren ardura da, eta ez da posible -ezta komenigarri ere menturaz- denak denean ados izatea. Bada oinarrizko arau bat, ordea: ikuspegi zabala. Ezagutzen ez dugun hitz bakoitza ez dela existitzen pentsatzen badugu, oker goaz. Norbere ingurukoa ez den hitz bakoitza gutxietsiz, jai dugu. Euskara askotan uste izaten duguna baino zabalagoa eta aberatsagoa da. Zabaltasun horrek aberastu egiten du bertan murgildu nahi duen bakoitza. Azken kontu bat: gu ez gara geure herriko ikus-entzuleentzat aritzen, denentzat baizik, Munitibar, Mungia, Azpeitia, Muskildi edo Garraldakoak direla ere. Izan ongi!