Pasa den larunbatean ospatu zen Iruran, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolaturiko VII. Emakumea Pilotari eguna. Aurtengo edizioa ere aurrekoak bezala arrakastatsua izan da, hainbat berrikuntza egon zirelarik. Guztira gainera ia 80 pertsona bildu ziren.
Ekintza nagusia, Emakumezkoen Gipuzkoako VI. Txapelketa Herrikoia izan zen. Bertan Gipuzkoako 9 herrietako errepresentazioa egon zen: Azkoitia, Deba, Donostia, Hernani, Oiartzun, Soraluze, Tolosa, Usurbil eta Zizurkil. Goizeko 10:00etan hasita ligaxkako partidak jokatu ziren bi zelaitan banaturik. 9 taldeak bi multzotan banaturik, ligaxkako partidak jokatu zituzten, multzo bakoitzeko lehenengo bi sailkatuak finalerdietarako txartela lortu zutelarik. Partidak denbora batera jokatu ziren, hau da 8 minututan tanto gehien egiten zituen bikoteak irabazten zuen partida. Honela A multzotik Hernani eta Deba sailkatu ziren urrenez urren eta B multzotik Soraluze eta Oiartzun. Finalerdietan Hernanik ozta-ozta irabazi zion Oiartzuni tanto batengatik. Soraluzek berriz aise hartu zuen mendean Deba.
Finalaren aurretik, Gipuzkoakoa Euskal Pilota Federazioak omenalditxo bat eskaini nahi izan zien XX. mendean profesional izandako emakume raketistei. Hara eta hona kontaktuak bilatzen ibili ondoren, azkenean Gloria Agirre "Aizarnako Txikita" raketista presente izan zen. Berarekin batera Maria Antonia Uzkudun "Anoetako Txikita"-ren hilobak, Maite eta Juan Manuel (duela urte batzuk hil zen Maria Antonia), Anoetako Julita, Mari eta Milagros Beraza ahizpen hiloba Miren (hauetako bi egun bizi dira baina Mexikon) eta Oiartzungo Coro Iragorri zenaren Jon Juanes semea egon ziren omenalditxoan. Eladia Altuna "Irura"-ren senitartekorik egotea ez zen lortu Madriden bizi direlako. Hauetaz gain beste hainbat raketistekin kontaktua egitea lortu zen arren, arrazoi ezberdinengatik ezin izan zuten Irurako pilotalekura gerturatzerik izan. Emakumea Pilotari proiektuko koordinatzailea den Maider Mendizabalek, bertaratutako guztiei raketista hauen inguruko aipamena egin zien eta argi utzi nahi izan zuen, omenalditxo hura Euskal Herriko emakume raketista profesional guztiei eskainia zegoela, nahiz eta gehienekin kontaktatzea ez zuten lortu. Hala ere, pilotari hauek bere garaian izandako ospea, glamourra, nazioarteko ibilbidea eta garaiko gizartean betetako tokia izugarria izan zela argi utzi nahi izan zuen. Maiderrek esandakoaren arabera: "pena handia da gaur egun raketista hauen berririk ere ez izatea. Kontuan hartu 1920. urtetik 70. hamarkada bitarte emakume pilotari hauek frontoi askotan aritu zirela raketista profesional bezala, euren herrietatik 13-15 urterekin Madrilera joan zirelarik gehienak. Nire ustez, emakume guzti hauek merezi dute gaur egun pilotariak garen emakumeen aldetik gutxienez, nolabaiteko miresmena. Bejondeizuela". Gonbidatu bakoitzari oroigarri bana banatu ondoren, Gloriak hitz batzuk esan nahi izan zituen: "eskerrak eman nahi dizkizuet guri horrelako errekonozimentua egiteagatik. Poz handia ematen dit gaur Irurako frontoian horrenbeste neska eta emakume pilotan jokatzen ikusteak. Jarraitu ezazue hain gurea den pilotan jokatzen, oso kirol polita da eta".
Ainara Muga-Amaia Ariznabarreta(SORALUZE)- Marta Murua-Idoia Tejedor(HERNANI)
Omenalditxo honetaz gain, bildutako argazkiak eta albisteak denon erakusgai jarri ziren, baita bideo muntaia txiki bat ere.
Une berezi zein hunkigarri honen ondoren, txapelketa herrikoiko finala jokatu zen Hernani eta Soraluzeko bikoteen artean. Partidak 10 minutuko iraupena izan zuen eta tanto piloteatuen ondoren, Idoia Tejedor eta Marta Muruak osaturiko Hernaniko bikoteak berriz ere ozta-ozta partida irabaztea lortu zuen, Gipuzkoako txapeldun titulua lortuz. Aipatu Soraluzeko bikoteak, Ainara Muga eta Amaia Ariznabarretak lehenengo aldiz parte hartzen zutela txapelketa honetan eta maila ona erakutsi zuten arren, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten.
Azkenik aipatu, eskola adineko 23 neska bildu zirela guztira eta hauek ere elkarren arteko partida azkarrak jokatu zituztela, erakusketa moduan. Oso gustura aritu ziren neskak eta argi utzi zuten pixkanaka badatozela neska pilotari gazteak ere. Federatuek ere egin zuten erakustaldi partida txiki bat, baina bertan egungo zorigaitzeko gertakaria gertatu zen. Maider Mendizabalek, aurrelari moduan jokatzen ari zela, partida hasi eta berehala zuntz haustura izan zuen eskuineko bikian eta bere ordez Patri Espinar teknikariak jokatu behar izan zuen. Hala ere, partida polita jokatu zuten eta tanto ederrak ikusteko aukera izateaz gain, federatuek daukaten joko maila zein den erakusteko parada izan zuten.
Goizeko ekintzak sari banaketa eta talde argazkiarekin amaitu ziren. Ondoren frontoian bertan bazkaria izan zen. Amaitzeko, arratsaldean, teknikarien arteko bertso-pilota partida jokatu zen. Patri Espinar eta Eneritz Perezek Amaia Agirre izan zuten botilero lanetan eta Ainhoa Garmendia eta Garazi Jauregik (honek Maiderren ordez jokatu behar izan zuen) Uxue Fernandez Lasa. Aipatu bi bertsolari hauek pilotan aritutakoak direla. 18 tantora jokatu zen partida entretenigarria eta dibertigarria izan zen eta Amaia eta Uxuek ederki asko botatako bertsoekin une gozoa bizi izan zen.
Honenbestez, aurtengo Emakumea Pilotari egunari amaiera emateko Erlantz Allurren eskutik musika egon zen eta neska zein emakumeak dantzan batzuk eta pilotan besteak jo eta ke aritu ziren.
Eskerrak eman nahi dizkiogu Irurako udalari eskainitako laguntzagatik
Sari emaileak, A.Garmendia,Etxebe, "Txikita de Aizarna" eta Patri Espinar.
Bertaratutako hernaniarrak.